2013-02-01

Zer gara? Nor gara?

   Burlatan euskararen erabilerarekin kezkatuak dauden eta normalizazioa lortzeko eragile zein pertsonez osatutako taldea gara. Euskara gure herriko ondare preziatuena dela sentitzen dugu; euskara gure gizartean behar duen tokia izan dezan nahi dugunok asko eta asko gara eta zorionez gurean nahi hori errealitate bihurtzeko arlo ezberdinetan askotariko ekimenak egin dira eta gaur egun ere egiten ari dira.
   Burlata ez da salbuespena izan euskararen alde egindako lan horretan, eta bertan horretan aritu eta aritzen dira zenbait talde eta elkarte.
   Lagun askok ezagutu dugu helduen euskalduntzerako dugun euskaltegia barnetik, eta hezkuntza euskaraz jaso ahal izateko eskubideaz arduratu diren guraso elkarte, langile eta ikasleen fruitua ere hor dago, eta bata eta bestea lotuz herriko euskaldunen kopurua haundituz joan da.
   Beste aldetik, hiztun hauen eskubideak ez dira beti errespetatuak izaten eta egoera horiek salatzeko eta dagokiguna aldarrikatzeko aspaldian bildu izan dira euskalzaleak bertan ere.
   Dena den, aipatutakoa oso modu baikorrean baloratu arren, aldi berean kezkagarria ere iruditzen zaigu hizkuntzaz egiten den erabilera urria. Hori dela eta, euskarak ahotik belarrira egiten dituen bidaien kopurua haunditu dadin sortu dugu bilgune hau. Helburu hau lortzeko hurrengo ekintzak gauzatuko ditugu:
  • Lehenik eta behin, konzienziazio lan bat garatuko dugu euskal hiztunon artean. Argi izan behar dugu euskara bizirik izateko gu geu euskaraz aritu behar dugula.
  • Hizkuntza ezagutzen dugunon artean euskaraz mintza gaitezen gune eta aukerak sortzeko lan egingo dugu.
  • Lan hau gizarteko arlo eta adin guztietako lagunekin egiten ahaleginduko gara.
  • Aisialdian aritzen diren herriko elkarte zein instituzioekin elkarlanean aritu nahi dugu haien eskaintzan euskal hiztunen komunitatearen beharrak eta eskubideak kontutan hartu daitezen.